«Nik uste dut emaitzak ez duela erakusten zelaian egin zen jokoa; emaitza puztuta dago», dio Juanan Cruzek. Talde horiaren entrenatzailea Argixaoko larunbateko porrotaz ari da (0-4). «Min handia egin digu», onartu zuen entrenatzaileak. «Partida jokatu eta gero, aldageletan isiltasuna izan zen nagusi, jokalariak burumakur… Kolpe garrantzitsua izan da, baina gainditu beharra daukagu». Porrotak sailkapeneko lehenengo postutik kendu du Urola. Hala ere, «bigarren tokian gaude, eta Amaikak Bat taldeak, orain lider bada ere, Argixaora etorri beharra du. Borrokatzen jarraitu behar dugu», esan zigun.
Lehenengo gola partida hasi eta orduerdi ingurura satu zuten Anaitasunakoek. «Gure akatsa izan zen. Aurretik aukera pare bat izan genituen», azaldu zuen. «Atsedenaldira 0-1 emaitzarekin joan ginen eta, gainera, Ander Núñezek min hartuta».
Bigarren zatian, «ondo kokatuta atera ginen, baloiaren jabe gehiagotan ginela… baina, estrategia-jokaldi batean, areatik kanpoko aurrez aurreko falta batean, baloia jaurti zuten eta Toquerok ezin izan zuen ezer egin». 0-2 65. minutuan. «Jokaldi hori eta gero, Anaitasunako jokalari bat kanporatu zuten txartel gorri zuzena aterata, eta justu hurrengo jokaldian, atezainarekin bat baten kontrako aukera izan genuen, baina ez genuen gola sartzea lortu», esan zuen entrenatzaileak.
Hirugarren gola bigarrenaren antzeko jokaldi baten ondoren iritsi zen. «Kolpe gogorra izan zen. Saiatu ginen, baina buruarekin jokatu beharrean bihotzarekin jokatu genuen, eta kontrako jokaldi batean laugarren gola sartu ziguten».
«Taldea ikaragarri saiatu zen. Altxatu egin beharra dugu. Aste honetan Arrasateren aurka jokatuko dugu. Hiru puntura dago. Garaipena oso garrantzitsua da, Arrasate pixka bat aldentzeko eta, batez ere, jokalariei morala igotzeko», esaten du Juanan Cruzek. Partida igandean jokatuko da, 16.30ean. DV. Moldatua