Txugi Txapelketa, apirilaren 11n

Urola Kirol Elkarteak antolatuta, datorren apirilaren 11n (Pazko asteko larunbata) jokatuko da Argixaon XXIX. Txugi Txapelketa, Iñaki Mendiluce “Txugi”-ren omenez. Urtez urte erreferente bihurtu den gaztetxoen torneo honek, aurten ere, giro bikaina eta maila handiko lehia ekarriko ditu, guztira 16 talderen parte-hartzearekin: 8 emakumezkoen kategorian eta beste 8 gizonezkoenean.

Emakumezkoen txapelketan infantil mailako (2012 eta 2013 urteetan jaiotakoak) jokalariek hartuko dute parte. Honako taldeak lehiatuko dira: Urola (ATA), Real Sociedad, Ilintxa, Goierri Gorri, Aloña Mendi, Urola (Hirurok), Tolosa eta Intxurre. Gizonezkoen kasuan, kimu mailako (2014an jaiotakoak) taldeak arituko dira: Urola, Real Sociedad, Ilintxa, Aloña Mendi, Tolosa, Bergara, Idiazabal eta Ordizia.

Txapelketako jardunaldia goizeko 09:00etan hasiko da gizonezkoen partidekin, eta 09:30ean emakumezkoen lehiari emango zaio hasiera. Eguerdiko 12:00etan, klubak omenaldi berezia eskainiko dio Iñaki Mendiluce “Txugi”-ri, haren familiarekin batera. Ondoren, 12:15ean, bigarren faseari ekingo zaio. 13:45ean jokatuko dira Kopako finalak, eta 14:15ean Txapeldunen Ligako finalak. Sari banaketa 14:45ean izango da.

Partidak Argixaoko beheko eta goiko zelaietan jokatuko dira (Mitxel Badiola eta Luis Urdangarin), eta norgehiagoka bakoitzak 20 minutuko iraupena izango du. Lehen fasean, talde bakoitzak hiru partida jokatuko ditu. Multzo bakoitzeko hirugarren eta laugarren sailkatuek elkarren aurka jokatuko dute, eta garaileek Kopako finala jokatuko dute. Lehen eta bigarren sailkatuek, berriz, Txapeldunen Ligako finalerdietarako sailkatuko dira, handik finalera iristeko lehian.

 

Mikel Serrano (Zumarragako alkatea), Felipe Elgarresta (Urolako presidentea) eta Jon Luqui (Urretxuko alkatea), Argixaon egindako aurkezpenean.