Urolak ekipazio berria aurkeztu du

Ekipazio berria ikusi edota probatu nahi duenak (zein neurri dagokion jakin dezan), Argixaon izango da horretarako aukera, ekainaren 25 eta 26an, eta uztailaren 7, 14 eta 21ean, 17:00etatik 19:30era.

2025-26 denboraldian ekipazio berria estreinatuko du Urola futbol taldeak. Ekainaren 19an  aurkeztu dute jokalari eta entrenatzaileentzako arropa, Urretxuko Kultur Etxean. Han bildutakoek bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte kamiseta, txandal edota txamarra berriak, modelo bezala aritu baitira taldeko sei jokalari: Beñat Agirre, Leire Alustiza, Igor Elizburu, Mirene Garmendia, Lorea Narraspe eta Ekaitz Zabala. Ekipazio berriaren inguruko azalpenak Futbol Emotion enpresako ordezkari Jagoba Trujillok eta zuzendaritzako kide Josu Aiastuik eman dituzte, azpimarra jarrita erropa eskuratzeko Internetez bete beharreko pausoetan.

Klubak datozen egunetan zabalduko du jokalariek 2025/26 denboraldian erabiliko duten arropari buruzko informazio gehiago, bakoitzak zer eta nola eskuratu behar duen tartean. Bien bitartean, ekipazio berria ikusi edota probatu nahi duenak (zein neurri dagokion jakin dezan), Argixaon izango da horretarako aukera, ekainaren 25 eta 26an, eta uztailaren 7, 14 eta 21ean, 17:00etatik 19:30era.