Urola elkarteak sortu duen Futbol Eskolak urtarrilaren zortzian hasi zuen ibilbidea; zortzi eta hamaika urte bitarteko 81 gaztetxo astean behin ariko dira Argixaon, lehiaketaren presiotik urrun eta heziketa oso kontuan hartuta.
Argixaon futbol eskola
Urola taldearen futbol eskolak urtarrilaren zortzian ekin zion ibiliari. Bere garaian izena eman zuten gaztetxoei arratsaldeko seietan bertaratzeko deia dute, kirola egiteko arropa egokiarekin, entrenamenduak hasteko. Hori bai, ekitaldi berezia izango da lehen egunekoa, Realaren eskolako ordezkariak etorriko baitira inaugurazioa egitera.
Urtarrilaren bigarren astetik aurrera 1997 eta 1999 urteen artean jaiotako 81 neska-mutilek hiru taldetan banatuta saio bat izango dute astean behin eskola garaian, eta bitan oporrak dituztenean.
Helburu nagusiena heziketa izango da: «Helburua ez da jokalari onak egitea, pertsonen heziketan kirolaren bidez parte hartzea baizik», azaldu du Francisco Nuñezek, Urola futbol elkarteko lehendakariak. «Hau da, ez dugu lehiaketarako talderik osatu nahi. Hemen nahi duten guztiek har dezakete parte, eta kirol talde batean egoteak suposatzen duen guztia ikasten joango dira. Hala nola ezagutza orokorrak, entrenatzailearen figura, entrenamendu edo prestakuntza saioekiko diziplina bat…».
Nuñezek azaldu duenaren arabera, «orain dela gutxira arte 12 urtetik beherako gazteek ezin zuten futbol federatuan parte hartu; hori eskola kirolaren bidez egiten zen, eta iaz legeak egoera hau aldatu zuen eskolen sorrera bideratuz. Zenbaiten ustez, futbolean oso berandu hasten ziren lehen haurrak, seriotasun batekin behintzat, eta horrek harrobian eragina zuen. Hortaz, Federazioak eskola hauen sorkuntza erraztu du».
Zumarragan eskola sortu ala ez erabakitzeko eskaria aztertu zuten. «Hasieran 129 gaztek eman zuten izena udako oporrak baino lehen. Horrek finantzazio aldetik baldintzatu egiten zuen proiektua, eta Udalak diru laguntza emango zuela esan arren gai honek kezkatzen gintuen, diru asko behar baitzen». Azkenean konpondu da arazoa, gurasoek hileko 15 euroko kuota ordainduko dute eta. Horrekin eta diru laguntzekin nahikoa izango da.
Urolako arduradunentzat ikasleei kuota ezartzeak nolabaiteko konpromisoa adierazten du gurasoen aldetik, «hala izan beharko ez lukeen arren». «Eskolara datorrena hala nahi duelako etorriko da, ez denbora pasatzera».
Seriotasun hori hezitzaileengan ere bilatu nahi izan dute. «Argi geneukan heziketa fisikoan lizentziaduna nahi genuela eta, hezkuntzaz ari garenez, seriotasun handiarekin hartu dugun arloa izan da». Igor Caballero izango da eskolaren arduraduna, bi laguntzailerekin. Elkarteko zuzendaritzak eta Mitxel Badiolak eskola gertutik jarraituko dute.
Hilean partida bat jokatuko dute. «Baina irabazi edo galtzearen gainetik ikastea nahi dugu». Ekainean bi partida izango dira, eta ikasturtea amaitzerakoan 30 eskolaren arteko festan ere jokatzeko aukera izango da, «baina jai kutsua izango duen ekitaldian». Horrez gain pizgarriak ere izango dituzte. «Noizean behin Zubietara joateko aukera izango dute entrenatzera edo partidak ikustera. Izan ere Realari asko interesatzen zaio harremana mantentzea». Goierrin beste zenbait herritan ere badira edo hastear dira futbol eskolak, Beasainen, Ordizian eta Lazkaon, esate baterako.
Elkartea emakumeen taldeak indartu nahian
Eskolan neskek zein mutilek hartuko dute parte, baina elkarteak emakumezkoek jarraitzea bultzatuko du.
Urtarrilaren zortzian Argixaon martxan jarri zen Futbol Eskolan ariko diren 81 gazteetatik hamabi neskak dira. Azken urteotan Urolaren apustua nesken taldeei bultzada ematea izan da, eta ildo horretan jarraitzeko asmoa dute.
«Zelaian lana berbera izango da, baina gero badakigu neskek futbolean jarraitzea zailagoa dela eta guk zentzu horretan bultzatzea nahiko genuke. Izan ere, gaur egun neska talde bakarra daukagu, eta mutiletan gertatzen den bezala kategoria desberdinak sortzea gustatuko litzaiguke».
Gaur egungo Urolaren emakumezkoen taldeari dagokionez, Nuñezek «etorkizun handia duela» ziurtatu du. «Dena den, gure elkartean guztietan konpromiso maila altuena duen taldea da emakumezkoena. Oso gazteak dira baina aurten bikain aritu dira, gol average-agatik gelditu baitira igotzeko fasetik kanpora. Orain Kopa dator, eta datorren denboraldiari begira kategoriaz igotzeko lehian egoteko gaitasun osoa dute».