Klubaren historia

Sorrera

1971. urtean sortu zen Urola Kirol Elkartea ofizialki, Zumarragako eta Urretxuko kirol talde modura. Alabaina, aurrez, 1941etik 1944ra bitartean ibilbide labur bat egin zuen Urolak. Tarte horretan Gipuzkoako Kopan eta Lehen Mailako Erregionalean parte hartu zuen. Lehen aro hartan, Legazpi dorretxearen inguruan eraikitako Jauregi futbol zelaian jokatzen zuten. Hura izan zen Urretxu-Zumarragako lehen futbol zelaia; 1944an, zelaia desagertzearekin batera (industrializazioaren eraginez), taldea desegin egin zen.

Azpimarratu beharra dago, futbol zaletasun handia zegoela gure bi herriotan eta lagun koadrila asko aritzen zirela baloiari ostikoka. Urretxun, Elizaldeko zelaia (Campito) zegoen eta Zumarragan La Salle Legazpi ikastetxeko patioa. Txapelketa asko jokatzen zituzten bertan (bederatzi jokalarikoak). Elizaldeko zelaia urretxuar gazteek eraiki zuten eta 1960/61 denboraldian antolatu zuten bertan lehen txapelketa. La Salleko zelaia 1963an inauguratu zen.

Aurrez esan bezala, 1971n ekin zion berriz ere Urolak bere ibilbideari, bi herriotako jokalariekin. Horretarako, futbol zelaia eraiki zuten lehendabizi eta bazkideak lortu. Ez zen lan zaila izan, zaletasun handia zegoelako.

Abuztuaren 16an inauguratu zen Argixao futbol zelaia, Real Sociedad-Eibar partidarekin; Ligako lehen partida Beran jokatu zuten Gure-Txokoaren aurka, iraileko lehen igandean.

Bigarren Mailako Erregional mailan jokatzen hasi ziren, baina handik urtebetera, Lehen Mailako Erregional mailara (gaur egungo Preferente Maila) igotzea lortu zuen Urolak. 1983-84an Bigarren Mailara jaitsi zen, baina urte bete geroago igo egin zen berriro.

3. Mailara igoera

3. Mailara igoera - Urola K.E.

Urolako lehen taldeak 3. Mailara igotzea lortu zuen 1991-92 denboraldian. Jubenil mailatik elkarrekin jokatzen ari ziren talde sendoa zen, eta horri esker lortu zuten igoera. Izugarrizko jauzia izan zen hau klubarentzat, liga horretan jokatzeak oihartzun handia eman baitzion. Egoera berria Argixao futbol zelaian hainbat berrikuntza egiteko baliatu zuten, gainera. Bost urtez, 1996-97 denboraldi amaitu arte, aritu ziren bertan.

Ordudanik, batzutan Erregional mailako goren mailan eta beste batzuetan horren azpiko kategorian (egungo Erregional Preferente) aritu da Urolako lehen taldea. Azken jaitsiera 2018an izan zen, baina urtebete geroago Ohorezko Mailara igotzea lortu zuen eta bertan jarraitzen du.

Seniorretara iritsi arte, gaur egun Urolak gizonezkoen 12 talde ditu: kimu mailan hiru, infantiletan hiru, kadeteetan hiru, jubeniletan bi eta Erregionaleko taldea. Horiei futbol eskolako hiru talde batu behar zaizkie.

Emakumeen futbola

1987-1988 denboraldian sortu zen gure bailaran futboleko lehen neska taldea: Ikastola Urretxu Zumarraga Seirak. Ikastolaren babesean sortutako taldea bertako ikasleek eta beste ikastetxe batzuetakoek osatzen zuten. Asensio Sudupek entrenatzen zituen, Jesus Mari Garraldaren eta Iñaki Beitiaren laguntzarekin. Suduperekin batera, Vicente Mesonerok lan handia egin zuen taldearen sorreran. 11 urteko ibilbidea osatu zuten, 1998-1999 denboraldian Urola Kirol Elkarteak taldearen kudeaketa bere gain hartu arte. Garai hartan hasi zen indarra hartzen nesken futbola Gipuzkoa mailan eta pixkanaka herri guztietan taldeak sortzen joan ziren.

Orduan hasitako bideari jarraituz eta bereziki azken urteetan egindako ahaleginari esker, gaur egun, emakumeen futbola oso bizirik dago Urretxu-Zumarragan; Urolak kategoria guztietan ditu taldeak, futbol eskolatik hasi eta Ohorezko Mailara arte.

Futbol eskola

Urola Kirol Elkartea sortu zenetik, jarduerak ez du etenik izan eta klubaren bilakaera goruntz joan da: talde kopuruak handitu dira, emakumeen futbola sendotu egin da eta futbol eskola sortu da, mutilen zein nesken harrobia sustatu eta klubaren etorkizuna bermatzeko. Izan ere, errendimendua bakarrik ez, partaidetza ere sustatzen du klubak. Futbola atsegin edo maite duten guztiei, futbolaz gozatzeko eta kirol proiektu sendo baten partaide izateko aukera ematen die Urolak.

Gure baloreak

Futbolean jokatuz, futbolaz gehiago ikasi, kirol honekin gozatu, lagunak egin, gazteak baloreetan hezi, elkarlana sustatu… dira Urolaren kirol proiektuaren ardatzak. Familia handi bat da Urola, futbolaren bitartez haur eta gazteei eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren baloreak erakusteko lan egiten duena: errespetua, apaltasuna, erantzukizuna, konpromisoa, norbere lana eta talde lana.

Izan zirelako gara; garelako izango dira

Kirolarekiko harreman ona eta osasungarria izatea eta baloreetan oinarritutako heziketa bat eskaintzen die Urolak Zumarraga eta Urretxuko haur eta gazteei, euren garapen pertsonalerako tresna bat. Baina kluba hori baino gehiago da, musu truk egindako lanaren erakusgarri ere bada. Zaletasunak erakarrita, milaka gazte izan dira Urolako kide; horietako asko, jokalari izan eta gero, entrenatzaile, delegatu edo zuzendaritzako kide izan dira gerora. Futbolean jokatzetik irakastera pasa dira, edo ahal duten moduan laguntzera. Guztiei esker egin du aurrera kirol elkarteak eta iritsi da 50 urte betetzera. Bejondeizuela!