Indar Hori kanpainaren barruan, Urola Kirol Elkarteak ohorezko bazkide izendatu du Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratua. Joan den ostiralean (urtarrilak 28) Zumarragako Ospitalearen atarian egindako ekitaldian gauzatu zen izendapena. Jotxin Iturbe presidenteak klubeko banderatxoa eta kamiseta oparitu zizkion Laura Aguirre Goierri-Urola Garaiko ESIko zuzendari gerenteari. Bide batez, esker ona adierazi zion erakundeko profesionalek egiten duten lanarengatik, eta bereziki pandemia garai luze eta gogor honetan, osasungintzako langileek erakutsitako kemena goraipatu zuen.
Urolaren izenean, Jotxin Iturberekin batera, Mikel Igartua lehendakariordeak eta Pedro Urdapilleta Gipuzkoako Futbol Federazioko zuzendaritzako kideak hartu zuten parte ekitaldian. Laura Aguirrek, berriz, ESIko zuzendaritzako gainerako kideak izan zituen alboan: Ana Calvo Aguirre (zuzendari Medikoa), Eva María Alarcón Duque (Erizaintzako zuzendaria), Maria Dolores Blanco Pompeyo (Ekonomia eta Finantza zuzendaria) eta Olga Doiz Unzue (Langileen zuzendaria).
Urolak 50 urte bete ditu aurten. Futbol jarduera ardatz duen Zumarraga eta Urretxuko kirol elkarteak urteurrena baliatu nahi du kluba herritarrengana hurbiltzeko, eta, horretarako, Indar Hori kanpaina jarri du martxan. Estrategia hau eskualdeko enpresei (ostalaritza, merkataritza, zerbitzuak) eta familiei zuzenduta dago nagusiki, baina zeharka herritarren eta erakundeen babesa lortu nahi dugu.
Urolak Argixao futbol zelaian du egoitza, Zumarragako Ospitalearen ondoan. Ospitalea Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitarioaren parte da, Urola Garaia eta Erdia eta Goierri bailaretako anbulatorio eta osasun zentroekin batera. Erakunde sanitario honek ia 97.000 herritarrei eskaintzen die zerbitzua.
Gertu sentitzen duen erakundea delako eta bertako profesionalek egiten duten lana eskertu asmoz, erabaki du Urola Kirol Elkarteak Goierri-Urola Garaiko ESIa Indar Hori ohorezko bazkide izendatzea, bi erakundeen arteko adiskidetasunari eta elkarlanari ateak zabaltzearekin batera.