Kirolean euskararen erabilera sustatzea helburu

Elgarresta (Urola), Luqui (Mankomunitatea) eta Galdeano (Goierrri), kirolean euskararen erabilera sustatzea helburu duen egitasmoari jarraipena emateko eta lankidetza sendotzeko konpromisoa jasotzen duen hitzarmena sinatzen. / Tere Madinabeitia

Urolak, Goierrik eta Ilintxak mankomunitateko Euskara Zerbitzuarekin batera euskararen inguruan egiten ari diren lanaren berri eman dute ekainaren 17an Legazpiko udaletxean. Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakaria den Jon Luqui arduratu da lan horren emaitzak azaltzeaz,  Urola futbol elkarteko Felipe Elgarrestarekin eta Goierri saskibaloi klubeko Sergio Galdeanorekin batera. Ilintxako ordezkariek ezin izan dute agerraldira joan.

Udaletxeko areto nagusian egin duten ekitaldian, Legazpiko eta Urretxuko euskara zinegotziak diren Edurne Matias eta Alex Gonzalez izan dituzte lagun, baita euskararekin lotutako proiektu honen garapenean laguntzen aritu den Emun kooperatibako Mikel Perez ere.

Proiektu honen helburu nagusia “kirol munduan euskara sustatzea” dela azalduz hasi du agerraldia Luquik. “Kirolean umeek eta nerabeek elkarrekin lan egiten dute, senideak hor daude, entrenatzaileak ere bai, eta ildo horretan, umeek eta gazteek kirol jardueretan ematen dituzten ordu ugari horietan garatzen ari gara proiektu hau, uste dugulako kirola euskararen erabilerarako babesgune izatea ezinbestekoa dela”. Horretarako mankomunitatea osatzen duten herrietako euskara teknikarien eta kirol eragileen eta taldean “laguntza osoa” dutela zehaztu du, eta Emun enpresak emandako kanpoko laguntza ere aipatu du.

Diagnostikotik esku hartzera

Euskararen erabileraren inguruko diagnostiko batetik abiatu ziren proiektu hau garatzen.”Diagnostikoak informazio baliotsua eman digu, baina une batean argi ikusi genuen urrats bat harago joateko garaia zela: diagnostikoak egiten jarraitzeaz gain, esku-hartzeak martxan jartzea”. Eta horixe izan da 2025-2026 ikasturtean egin duten lanaren funtsa: “Entrenamenduetan eta kirol elkarteetan euskararen erabilera handitzeko neurri praktikoak diseinatu, eta martxan jarri” Urola futbol klubean, Goierri eskubaloi elkartean eta Ilintxa kirol elkartean.

“Klub bakoitzak bere errealitatea du, bere erritmoa eta bere beharrak”, azaldu du Luquik, eta horregatik, ez dute eredu bakarra ezarri, baizik eta klub bakoitzarekin mikro-plan propioa diseinatu dute, “bakoitzaren egoerara egokituta”. Ikasturte amaierara iritsi diren honetan, proiektuan parte hartu duten hiru klubek emaitzak aurkeztu dituzte ondoren, eta guztiek “etorkizunerako konpromisoa” berretsi dute.

Urolarentzat, “oso aberasgarria”

Felipe Elgarresta presidenteak ordezkatu du Urola, eta esan du klubean egindako lana “oso aberasgarria” izan dela. “Hasieratik argi genuen entrenamenduetan euskararen erabilera handitu nahi bagenuen, ezin genuela entrenamenduetara bakarrik mugatu. Klub osoaren funtzionamendua aztertu behar genuen: komunikazioa, dokumentazioa, entrenatzaileen lana, musika, hizkuntza-irizpideak eta eguneroko ohiturak”.

Horrela, hausnarketa saioetan parte hartu dute entrenatzaileek, familiek, zuzendaritzako kideek eta jokalariek, eta “horri esker gure egoera hobeto ezagutu dugu, eta etorkizunerako norabidea ezagutu dugu”. Ondorioz, gaur egun badute Euskara Plan Estrategikoa martxan eta 2026rako ekintza plana definituta.

Orain arte egin duten lanen berri ere eman du Elgarrestak: “Terminologia bateratua landu dugu; dokumentu eta txantiloi berriak sortu ditugu; entrenatzaileen lanketari ekin diogu; Euskara Planaren jarraipena egiteko sistemak ezarri ditugu; eta euskararen erabilera sustatzeko ekimen berriak jarri ditugu martxan”.

Hori guztia egin arren, esan du badakitela “oraindik lan handia dagoela egiteko, baina uste dugu lehen urrats sendoak eman ditugula”.

Etorkizunari begira

Aurrera begira dituzten hiru erronkak zerrendatu ditu Luquik. Lehena da “orain arte lanketan parte hartu duten klubekin lanean jarraitzea eta pixkanaka autonomia handiagoa izatea”. Bigarrenik, “entrenatzaileekin eta entrenamenduetan bertan eragiteko neurri praktikoak indartzea” da beste erronka bat, “helburua ez baita planak edukitzea bakarrik, entrenamenduetako hizkuntza ohituretan benetako eragina izatea baizik”. Eta egitasmora klub gehiago erakartzea da hirugarren erronka, “pixkanaka eskualde osoko kirol sarean euskararen presentzia eta erabilera handitzeko”.

Agerraldiaren amaieran, kirolean euskararen erabilera sustatzea helburu duen egitasmoari jarraipena emateko eta lankidetza sendotzeko konpromisoa jasotzen duen hitzarmena sinatu dute mankomunitatearen eta parte hartu duten kirol elkarteen artean.

>> Iturria: Tere Madinabeitia, Goierriko Hitza.