Zumarraga-Urretxu Txapelketaren edizio berria jokatu da larunbatean (irailak 5) Argixaon. Emakumezkoetan Urola gailendu da, Debagoienaren aurka 2-1 irabazita. Gizonezkoetan, bestalde, 6-1 irabazi dio Urolak Ilintxari.
Debagoienaren aurka partida polita
Emakumezkoen partidak eman dio hasiera Zumarraga-Urretxu Txapelketari. Urola eta Debagoiena lehiatu dira. Gureak aurreratu dira Elene Perezek sartutako golarekin, Debagoienak partida berdindu du gero, eta June Lopezek bi eta batekoa sartuta, 2-1 bukatu da partida.

Emakumezkoen taldea, txapeldunaren garaikurrarekin.
Joseba Garcia de Albenizek 4 gol, eta Telmo Etxeberriak 2
Gizonezkoetan Urolak Ilintxaren aurka jokatu du. Joseba Garcia de Albenizek estrenaitu du markagailua eta hurrengo hirtu golak ere berak sartu ditu. Telmo Etxeberriak egin du bost eta hutsekoa eta orduan etorri da Legazpiarren gola. Etxeberriak bigarren gola sartuta iritsi dira partidaren amaierara, Urolak Ilintxa 6-1 mendean hartuta.

Gizonezkoen taldea, txapeldunaren garaikurrarekin.
Lore eskaintza Antion
Eguerdian lore eskaintza egin da Antion. Bi talde nagusietako jokalariez gain, zuzendaritzako kideek eta Zumarragako Udaleko ordezkariek hartu dute parte ekitaldian. Ekaitz Zabala eta Leire Alustiza kapitainek, Aitor Irizar eta Valentin Tena entrenatzaileek, Felipe Elgarresta presidenteak eta Mikel Serrano alkateak klubaren babesa, egitura, konpromisoa eta futbolaren zein Urolaren balioak nabarmendu dituzte, denboraldi berriari ilusioz begira. Gainera, Antioko Amari eskatu diote futbolariek ez ditzatela sufritu futbolaren aurpegirik beltzena diren lesio larririk.
