Reala nagusi Txugi Txapelketan; Urolako mutilek Kopa irabazi dute

Urolako jokalariak, penalti jaurtiketetan Kopa irabazita.

Emakume zein gizonezkoetan, Reala gailendu da 28. Txugi Txapelketan, finalean Goierri Gorri eta Ilintxari irabazita hurrenez hurren. Kopa, aldiz, Urolak irabazi du gizonezkoetan, eta Dux Logroñok emakumezkoetan.

Apirilaren 17an, Ostegun Santu egunez, jokatu da Txugi Txapelketaren 28. edizioa Argixaon. Urola Kirol Elkarteak Iñaki Mendiluce Txugi-ren omenez antolatzen duen torneoan hamasei taldek hartu dute parte: emakumezkoen infantil mailako zortzik, eta gizonezkoen kimu mailako beste zortzik.

Urolako neskak, txapelketaren une batean. Argazkia: Arri Iraeta / UROLA KE

Emakumezkoen torneoan 2011 eta 2012 urteetan jaiotako neskak lehiatu dira, bi multzotan banatuta: Urola, Reala, Ilintxa, Aloña Mendi, Intxurre, Aiztondo, Goierri Gorri eta DUX Logroño. Finalean, Realak 2-0 irabazi dio Goierri Gorriri.

Realeko neskak, Txugi Txapelketa irabazita. Argazkia: Arri Iraeta / UROLA KE

Gizonezkoen txapelketan kimu mailakoek jokatu dute, 2013an jaiotakoek: Urola, Reala, Bergara, Ilintxa, Arnedo, Idiazabal, Aloña Mendi eta Tolosa. Finalean, penaltietan irabazi du Realak, Ilintxaren aurkako partida bana bukatu ostean.

Reala nagusitu da mutiletan ere bai. Argazkia: Arri Iraeta / UROLA KE

Kopa, Urola eta Dux-entzat

Ohi bezala, bitan zatitu da Txugi Txapelketa. Lehen fasea jokatuta, puntu gehien lortu dutenak Txapeldunen Ligarako sailkatu dira; eta gainerakoak, berriz, Koparako.

Gizonezkoetan Urola gailendu da Kopan, etxeko zaleen gozamenerako, penaltietan Bergarari irabazita. Partida bina amaitu dute.

Urolako mutilak pozarren, garaikurra eskuetan. Argazkia: Arri Iraeta / UROLA KE

Emakumezkoetan, bestalde, Dux Logroñok irabazi du, finalean Aiztondo mendean hartuta (4-0).

Errioxarrek gustura egin zuten etxerako bidea, Kopa eskuetan. Argazkia: Arri Iraeta / UROLA KE

Giro ederra futbol zelai eta harmailetan

Ikusle ugari bildu du aurten ere Txugi Txapelketak, izan Luis Urdangarin zelaian –han jokatu dira partida asko–, eta bereziki Argixaoko harmaila eta behealdeetan. Giro ederrean jokatu dira partidak, bai jokalarien artean, baita txapelketa ederraz gozatu duten zaleen artean ere.

Argixaoko harmailak lepo, finalen atarian. Argazkia: Arri Iraeta / UROLA KE
Txapelketako fase bien artean, Iñaki Mendiluceri lore eskaintza egin diote Urolako jokalari eta zuzendaritzako kideek, Mendiluceren senideek eta udal ordezkariek. Argazkia: Arri Iraeta / UROLA KE