Joan den asteburuan, Lorea Narraspe Aramendi (Ezkio, 2002) jokalariak bere 200. neurketa jokatu zuen Urola K.E.ko emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldearekin eta gaur aitortza egin diote klubak eta taldekideek etxean jokatutako partidan. 23 urteko erdilariak urte askotako konpromisoa eta jarraikortasuna erakutsi ditu Urolaren elastikoa defendatuz.
Klubarentzat mugarri garrantzitsua izan da, lehen emakumezkoa izan baita 200 partida betetzen.
Loreak 2017/2018 denboraldian egin zuen debuta senior taldearekin, oraindik kadete mailako jokalaria zela. Denboraldi hartan kadete eta senior maila txandakatuz aritu zen, eta 2018/2019 denboraldian egin zuen behin betiko jauzia lehen taldera. Ordutik, guztira 8 denboraldi daramatza lehen taldean, eta beste bat kadete eta senior mailen artean banatuta.
Bere ibilbide osoan zehar Urolari lotuta egon da, beste klub batzuetatik eskaintzak jaso dituen arren. Zelaian, erdilari tekniko eta eraginkorra da, taldearen jokoan garrantzi handia izan duena eta gol ugari lortu dituena.
2020/2021 denboraldian taldeko kapitain izendatu zuten, eta gaur egun ere ardura hori betetzen jarraitzen du. Kapitain gisa,
Lorek eguneroko lanean eta jokabidean erakusten ditu konpromisoa eta talde-balioak.
Klubarekiko lotura zelaitik haratago ere agerian utzi du azken urteetan. 2024/2025 denboraldian entrenatzaile lanetan hasi zen, infantil mailako taldearekin, eta gaur egun kadete mailako taldea gidatzen du.
Emakumezkoen futbolean 200 partida jokatzea ez da ohikoa, eta Urola K.E.k bereziki baloratzen du Loreak urte hauetan guztietan egin duen lana eta erakutsi duen konpromisoa. Klubaren nahia da mugarri hau beste jokalari batzuen ibilbideen eredu izatea.
Urola K.E.k zorionik beroenak helarazi nahi dizkio Loreari, eta eskerrak eman klubari egin dion ekarpenagatik. ⚽👏