Maiatzaren 30ean egingo da Argixao kirol instalazioetako zelai nagusiari Mitxel Badiolaren izena jartzeko ekitaldi ofiziala. Ekitaldi horretan bertan, Urolako bazkide sortzaileak omenduko dira.
Arratsaldeko 16:00etan, Urolako presidente Felipe Elgarrestak ongietorria eman eta zelaiari Mitxel Badiola izena jartzeko motiboak azalduko ditu. Ostean, udal agintariek, Realeko ordezkariek eta Mitxel Badiolaren senideek hartuko dute hitza; eta 16:30ean lehenbiziko futbol partida jokatuko da: Urolako emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldea, Realeko kadeteen aurka.
17:45 bueltan Urolako 23 bazkide sortzaileak omenduko dira, eta 18:00etan hasiko da bigarren partida: Urolako gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldea, Realeko jubenilen aurka.
Golak eta balioak
Mitxel Badiolaren bat-bateko heriotzak samin handia eragin zuen Urolaren familia osatzen dugun guztion artean. Realeko haur eta gazte mailako koordinatzaile zenak ibilbide luze eta oparoa osatu zuen gure klubean. Urolan 14 urterekin jokatzen hasia (1984an), 3. mailara igo zen taldeko jokalari izan zen (1991-92), eta Urolaren historiako goleatzailerik handiena. 144 gol sartu zituen 279 partidetan.
Entrenatzaile eta koordinatzaile lanak ere egin zituen, eta edozein aukera aprobetxatzen zuen Argixaora, etxera, etortzeko. Alaves B, Beasain, Elgoibar eta Lagun Onak taldeetan ere jokatu zuen; eta, jokalari izateari utzita, Urolan entrenatzaile moduan hiru urtez aritzeaz gain, Eibar eta Realeko harrobietan egin zuen lan. Badiolak jokalari gazteen formazioan egindako lana maiz nabarmendu dute bere hurbilekoek, haren konpromiso, balio eta esfortzuagatik.