2026-27 denboraldia abiatzeko Zumarraga-Urretxu txapelketa eta lore eskaintza

Irailaren 5ean Zumarraga-Urretxu txapelketa jokatuko da Argixaon, eta Antioko Amari lore eskaintza egingo zaio, Urola Kirol Elkarteak datozen asteetan hasiko duen 2026-27 denboraldiaren atariko gisa.

Txapelketako lehenbiziko partida emakumezkoek jokatuko dute, 15:30etan. Urolak Debagoiena Bailarako taldea izango du aurkari.

Ondoren, 17:30etan, gizonezkoen txanda izango da. Urolak Ilintxaren aurka jokatuko du.

Aurrez, eguerdiko 13:00ean, Antioko Amari lore eskaintza egingo dio Urola K.E.ak. Bi talde nagusietako jokalariez gain, zuzendaritzako kideek eta Zumarragako Udaleko ordezkariek hartuko dute parte ekitaldian.

 

Denboraldi hasiera ate-joka

Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak irailaren 13an hasiko du 2026/27 denboraldia, Ondartzan, Hondarribiaren aurka. Aurten Valen Tenak hartuko du gizonezkoen talde nagusia gidatzeko ardura, eta Markel Babarro, Julio Pastrian eta Aitor Moreno izango ditu lagun.

Astebete geroago abiatuko du Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak denboraldia. Urolak Elgoibarren aurka jokatuko du Mintxetan. Beste urte batez, Aitor Irizar, Juanlu Elizondo eta Mikel Irizarrek zuzenduko dute taldea.

Entrenamendu-saioak abuztuan hasi zituzten bi taldeek, eta Urola Kirol Elkartea osatzen duten gainerako taldeak ere martxan dira. Denboraldi berrian 20 talde federatu izango ditu Urolak –gizonezkoen 14 eta emakumezkoen 6–, Futbol Eskolaz gain. 490 futbolari inguruk eta 67 entrenatzailek osatuko dute kluba.

 

2026-2027 denboraldia: sendotzetik hobekuntzara

2026-2027 denboraldiari begira, Urola K.E.-ren zuzendaritzak egungo proiektua sendotu eta aurrerapauso berriak ematea izango du helburu.

Kirol arloari dagokionez, Emakumezkoen Ohorezko Erregional taldean lehiakortasuna handitzea izango da erronka nagusia; gizonezkoen taldean, berriz, staff tekniko berriarekin etorkizuneko proiektua eraikitzen jarraitzea. Gazte eta kadete mailetan kategoriari eustea izango da lehentasuna.

Horrez gain, klubaren eguneroko kudeaketa hobetzeko neurriak ere indartuko dira, besteak beste, Joko OK protokoloa, jokalarien itzulerarako irizpide bateratuak, Urola-Real metodologia eta entrenatzaileen egitura.

Kirol helburuekin batera, klubaren etorkizuneko sendotasuna eta nortasuna indartzea izango dira zuzendaritzaren ardatz nagusiak. Ekonomia arloan, gastuen kontrolari eta baliabideen kudeaketa arduratsuari eutsiko zaio, babesle berriak erakartzea eta aliantzak indartzea sustatuz. Era berean, 2026-2027 denboralditik aurrera, infantil mailatik gorako taldeetako jokalariek Urola K.E.-ren kaleko ekipazio ofiziala erabili beharko dute partidetara joateko eta itzultzeko, klubaren irudi bateratua eta talde izaera sendotzeko. Komunikazioan ere aurrera egiten jarraituko da, sare sozialetako presentzia indartuz, senior taldeak klubaren erreferente gisa bultzatuz eta euskararen presentzia handituz.

 

Euskara izango da, halaber, klubaren estrategiaren ardatzetako bat.

2025-2028 Euskara Planaren baitan, diagnostikotik ekintzara igarotzeko urratsak ematen jarraituko du Urolak, euskararen erabilera entrenamenduetan, barne eta kanpo komunikazioan eta klubaren irudian sustatuz. Helburua argia da: baloiak eta balioak euskaraz zelairatzen dituen futbol kluba izaten jarraitzea. 

Erronka horiei guztiei aurre egiteko, zuzendaritzak ezinbestekotzat jo du klubaren parte diren pertsona guztien arteko elkarlana, eta bazkide, familia, jokalari, entrenatzaile, boluntario eta babesleen konpromisoa eskertu eta bide horretan jarraitzeko deia egiten du.