Gipuzkoako Federazioak antolatu du Futbol Inklusiboko Topaketa, Urolarekin elkarlanean, desgaitasuna duten haur eta gazteei futbola praktikatzeko espazio bat ematea helburu. 12:00etan hasiko da topaketa, Luis Urdangarin zelaian, eta Urolako Infantil mailako jokalariek ere parte hartuko dute.
Duela hiruzpalau urte egin zen lehenbiziko topaketa, eta orduz geroztik 30 bat herritan burutu da. Prestakuntza eta sentsibilizazio programa honen bidez, federazioak futbolaren inguruko begirada zabaldu nahi du, baita elkarbizitza balioak sustatu ere. Era berean, behar bereziak dituzten pertsonei kirola egiteko aukerak erraztea du xede.
Etorkizunera begira, behar bereziak dituzten pertsonentzako espazio bat sortu nahi du federazioak, horiek futbol egokitu edo inklusiboan modu egonkorrean parte hartu dezaten. Gipuzkoako futbol klub ugari ditu bidelagun programak, Urola tartean; hala, Argixaoko topaketan harrobiko hainbat gaztek parte hartuko dute.
“Ondo pasatzea eta balioak lantzea nahi dugu, eta horretarako, garrantzitsua da inklusioa lantzea”, diote Federaziotik. Behar bereziak dituzten pertsonek “eskubidea dute kirola praktikatzeko, eta askotan horrelako ekitaldiak falta izaten dira. Normalean ez dute kirola praktikatzeko aukera handirik izaten, eta horregatik, sarri gizartetik at gelditzen dira. Gizartea kontzientziatu behar dugu, eta horrelako ekitaldiak garrantzitsuak dira horretarako”. Manu Diaz presidentearen hitzetan, “futbolak Gipuzkoako gizartean duen eragina” baliatu behar da horrelako egitasmoak aurrera eramateko.
Gogoratu topaketan parte hartu ahal izateko izena eman behar dela, futbolegokitua@gipuzkoafutbola.eus helbidera idatzita edota 747 426 823 telefonora deituta.