2023-2024 denboraldiari ekin aurretik, urteroko hitzordua izango du Urola Kirol Elkarteak larunbat honetan (irailak 2): Antioko Amari lore eskaintza eta Zumarraga-Urretxu Txapelketa.
Lore eskaintza 13:30ean egingo du, bi talde nagusietako jokalariak protagonista hartuta. Haiekin batera, zuzendaritzako kideek eta Zumarragako Udaleko ordezkariek hartuko dute parte ekitaldian.
Horrekin batera, Zumarraga-Urretxu Txapelketa jokatuko da. Goizean, 10:00etan hasita, Emakumezkoen Ohorezko Mailako hiru talde izango dira nor baino nor gehiago: Urola, Elgoibar eta Ondarbeltz (Deba eta Mutriku). Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Gizonezkoen Ohorezko Mailan Urola, Ilintxa eta Durangoko Kulturala lehiatuko dira.