Zumarraga-Urretxu Txapelketaren edizio berria jokatu da larunbatean (irailak 7) Argixaon. Gizonezkoetan Urola gailendu da, Anaitasunaren aurka berdindu eta Ilintxari irabazita. Emakumezkoetan, bestalde, penaltietan irabazi dio Bergarak Urolari, partida 2-2 amaitu ostean.
Emely Valladaresen bi gol
Emakumezkoen partidak eman dio hasiera Zumarraga-Urretxu Txapelketari. Urola eta Bergara lehian. Gureak aurreratu dira Emely Valladaresek sartutako golarekin, Bergarak partida berdindu du gero, Emelyk berak bi eta batekoa sartu, eta Bergarak atzera berriz ere berdindu. 2-2 bukatu da partida. Penaltietan 1-3 nagusitu dira bergararrak.
Ilintxaren aurkako partida polita
Gizonezkoetan hiru taldek jokatu dute: Urolak, Anaitasunak eta Ilintxak. Ilintxa eta Anaitasunaren artekoa 1-1 bukatu da, eta Urolak ere berdindu egin du azkoitiarren aurka (0-0). Hirugarren partidan, aldiz, Urola 3-0 nagusitu zaio Ilintxari, Joseba Garcia de Albeniz, Markel Lazaro eta Aritz Aberrietak sartutako golekin. Lau punturekin, beraz, Urola nagusi. Anaitasunak bi puntu lortu ditu, eta Ilintxak bakarra.
Partiden argazki gehiago ikusteko klikatu HEMEN
Lore eskaintza Antion
Eguerdi partean, emakumezkoen partida amaituta, lore eskaintza egin da Antion. Bi talde nagusietako jokalariez gain, zuzendaritzako kideek eta Zumarragako Udaleko ordezkariek hartu dute parte ekitaldian. Leire Alustiza eta Ekaitz Zabala kapitainek, baita Aitor Irizar eta Mikel Imaz entrenatzaileek ere, eskerrak eman dizkiete klubean lanean ari diren hainbat pertsonari, eta Antioko Amari eskatu diote futbolariek ez ditzatela sufritu futbolaren aurpegirik beltzena diren lesio larririk, jakitun izan arren, “gertatu, lesioak gertatuko direla”.
Lore eskaintzaren argazki gehiago ikusteko klikatu HEMEN