Irailaren 7an Zumarraga-Urretxu txapelketa jokatuko da Argixaon, eta Antioko Amari lore eskaintza egingo zaio, Urola Kirol Elkarteko bi talde nagusiek datozen asteetan hasiko duten 2024-25 denboraldiaren atariko gisa.
Txapelketako lehenbiziko partida emakumezkoek jokatuko dute, 10:30ean. Urolak Bergara izango du aurkari.
Ostean, 13:15etan, Antioko Amari lore eskaintza egingo zaio. Bi talde nagusietako jokalariez gain, zuzendaritzako kideek eta Zumarragako Udaleko ordezkariek hartuko dute parte ekitaldian.
Urretxu-Zumarraga txapelketak arratsaldean izango du segida, gizonezkoen partidekin. 16:30ean Ilintxa-Anaitasuna partida jokatuko da, 17:30ean Urola-Anaitasuna, eta 18:30ean Urola-Ilintxa.
Denboraldi hasiera ate-joka
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak irailaren 15ean hasiko du 2024/25 denboraldia, Argixaon, Oñatiko Aloña Mendi kirol elkartearen aurka. Mikel Imaz, Gorka Imaz eta Jon Urzelay izango dira entrenatzaileak.
Astebete geroago abiatuko du Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak denboraldia. Irailaren 22an Urolak Lesakako Beti Gazte taldea hartuko du Argixaon. Aitor Irizar eta Juanlu Elizondok zuzenduko dute taldea.
Entrenamendu-saioak abuztuan hasi zituzten bi taldeek, eta Urola Kirol Elkartea osatzen duten gainerako taldeak ere martxan dira. Denboraldi berrian 20 talde federatu izango ditu Urolak –gizonezkoen 14 eta emakumezkoen 6–, Futbol Eskolaz gain. 550 futbolari inguruk eta 70 entrenatzailek osatzen dute gure Elkartea.
Zuzendaritza berria, Felipe Elgarresta buru
Hamahiru lagunek osatuko dute 2024-2028 aldiko zuzendaritza: Felipe Elgarresta Kortaberria (lehendakaria), Karmele Segura Azkarate (lehenengo lehendakari ordea), Anton Arratibel Mendizabal (bigarren lehendakari ordea), Richard Rodriguez Nuevo (diruzaina), Pablo Alvarez Busca (idazkaria), Josu Aiastui Olazabal, Juanjo Landa Alvarez, Mikel Mesonero de Miguel, Karmele Plazaola Urizabal, Goratz Pozueta Zaldua, Maider Sudupe Rodriguez, Jon Torner Zabala eta Jon Urbizu Etxabarri.
“Talde berria izanda, postu eta funtzio desberdinak gure egin eta martxa hartzea” izango da lehen egitekoa, klubeko lehendakari Felipe Elgarrestak azaldu duenez. Aurrera begirako helburuak dira, besteren artean, klubaren partaide diren 600 kideek futbolaz disfrutatzen jarraitzea, eta entrenatzaileen formazioan sakontzea, atal horretan inbertsioak eginda. “Hau ezinbestekotzat jotzen dugu epe ertainera gure taldeen emaitzak hobetzeko”, dio Elgarrestak. “Errendimendu hazkunde hori kadete, jubenil eta seniorretan ikusten hasi beharko ginateke hemendik denbora batera”.
Halaber, babesleen kontratuak berritu eta hauen kopurua handitzea du xede lan-talde berriak, baita sare sozialen eta beste hainbat ekintzaren bidez klubaren presentzia zabaltzea ere.