Urola Kirol Elkarteak jai egun berezi batekin borobildu zituen 50. urtemugako ekitaldiak, joan den ekainaren 18an. Haur eta gaztetxoei zuzendutako jarduerekin hasi zuten eguna: puzgarriekin eta 3×3 futbol txapelketarekin gozatu ahal izan zuten Luis Urdangarin zelaira hurbildu zirenek.
Bestalde, zelai nagusian hainbat futbol partida jokatu ziren. Lehendabizi, Urolako beteranoen eta gizonezkoen senior taldearen arteko norgehiagoka. Ondoren, hiruko txapelketa, emakumezko hiru talde hauen artean: Urolako seniorrak, kadete mailako Gipuzkoako selekzioa eta kadete mailako Bizkaiko selekzioa.
Torneoa hasi aurretik, Zumarragako Udalak Argixaoko berdegune berriaren inaugurazio ofiziala egin zuen. Ekitaldian, Mikel Serrano alkatearekin batera, Jotxin Iturbe Urolako lehendakariak, Jon Luqui Urretxuko alkateak, Manu Diaz Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariak eta Arkaitz Milla Gipuzkoako Kirol diputatuak hartu zuten parte, besteak beste.
Jai eguna behar bezala amaitzeko, herri bazkaria egin zen Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Ia 200 lagun bildu ziren bertan eta Tximeleta txarangak girotu zuen bazkalostea.