Joan den irailaren 26an, Iker Plazaola gaztea Urolako lehen taldearen entrenamendura joan zen, eta bere gaixotasunaz hitz egin zien jokalari eta entrenatzaileei.
Iker Urolako jokalari izan zen umetan, atezain. Baina futbola utzi behar izan zuen herentziazko gaixotasun baten eraginez. Gerri-distrofia muskularra dauka, pelbis- eta eskapula-muskuluei eragiten diena (ahuldadea eta muskulu-ehunaren galera dakar). Kirola egiten jarraitzen du hala ere, eta honek gaitza moteltzen laguntzen dio. Ordiziako Gureak enpresan lan egiten du eta psikologia ikasten ari da UNED urrutiko unibertsitatean.
Ausardiaz egiten dio aurre egunerokotasunari, oztopoak gaindituz eta egoera berrietara egokituz. “Kirolean eta bizitzan oro har, ezbeharrei probetxua ateratzen ikasi behar dugu, daukagunaz gozatzen eta gure onena ematen”, izan ziren bere hitzak.
Bisita eskertzeko, urriaren 8an, Urolak Lagun Onak taldearen aurka jokatuko partidan ohorezko sakea egin zuen Ikerrek.