Argixao futbol zelaiak formazio gela bat izango du aurrerantzean, kirol azpiegiturak hobetzeko udan egindako lanen ostean. Eraikin eraberrituari Iñaki Mendiluce izena jarri zaio eta zerbitzua eskainiko die Urola Kirol Elkarteari ez ezik, Zumarragako eta Urretxuko gainerako kirol elkarteei.
Alde batetik, lehengo eraikina zaharberritu da. Komun zaharrak kendu dira eta bost gune egin dira: 33 lagun hartuko dituen ikastaroetako gela, fisioterapia gela, errekuperazio gela, Urolaren bulegoa eta Argixaoko atezainaren bulegoa. Eraikin praktikoa eta argitsua da, Urolaren eta beste edozein kirol jardueraren beharrei erantzuteko. Bestetik, komun berriak jarri dira egungo eraikinaren eta harmailen artean ezarritako eraikin prefabrikatuan.
Eraikinaren inaugurazioa joan den irailaren 30an egin zen. Bertan parte hartu zuten Jotxin Iturbe Urolako lehendakariak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak. Gonbidatuen artean egon ziren, halaber, Urretxuko alkate Jon Luqui, bi udaletako zinegotziak, Mendiluce familia eta bi herrietako kirol klubetako ordezkariak.
Formazio gelari buruzko bideoa
Inaugurazio ekitaldiaren bideoa