Gautenako kideen bisita Argixaon

Apirilaren 1ean, Autismoaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Gautena elkartearen Goierri Garaiko ordezkaritzako kideen bisita izan zuten Urolaren Ohorezko Mailako mutilek Argixaon. Mikel Fragua, haren guraso Roberto Fragua eta Ana Bretaña, Javi Garcia eta Jose Conejoren bitartez, Autismoaren Espektroko Nahastea (TEA) duten pertsonen errealitatea ezagutzeko aukera izan zuten jokalari eta entrenatzaileek.

Gautena TEA duten pertsonen senideen elkartea da. Familia hauei laguntza eta aukera egokiak eskaintzeko lan egiten du, bizi-kalitate ona izan dezaten. Horrez gain, gizartea autismoaren inguruan sentsibilizatzea du helburu. Goierriko ordezkaritzaren egoitza Zumarragan dagoela baliatuz, Urolak Argixaora gonbidatu zituen, elkar ezagutu eta futbol taldeko kideek euren egunerokotasunaren berri izan dezaten.

Asteburu horretako Zarautz taldearen aurkako partida elastiko urdinarekin jokatu behar zuen Urolak, Euskal Herrian barrena azken urteetan zabaldu den Urdinduz ekimenarekin bat eginez. Baina futbol zelaia elurrak zurituta esnatu zen goizean eta neurketa bertan behera geratu zen. Egitasmoa laster gauzatzea da asmoa.

Babesle nagusiak