Joan den astean ekin zion lanari Urola Kirol Elkarteko gizonezkoen lehen taldeak. 25 jokalari inguru arituko dira Igor Caballero, Jon Caballero eta Enrike Agirre entrenatzaileen esanetara 2021-2022 denboraldia prestatzen, eta eurekin batera, Manuel Fernández Mele, senior taldeko delegatua.
Uztaileko azken bi asteetan entrenatu ostean, abuztuko lehen hamabostaldian jai izango dute, baina jokalari bakoitzak lanean jarraituko du bere kontura. Abuztuaren 16an Argixaora itzuliko dira, denboraldi-aurreko lau partidak prestatzera.
Lau lagunarteko partida jokatuko dituzte: abuztuaren 25ean Ordiziaren aurka neurtuko dituzte indarrak, 28an Aloña Mendi izango dute arerio, irailaren 1ean Antzuola eta, azkenik, irailaren irailaren 4an Zumarraga Urretxu-Urolaren 50. Urteurreneko Txapelketan parte hartuko dute.
Hainbat baja izan dira taldean eta haien hutsuneak betetzeko, kanpoko lau gazte fitxatu dituzte eta Urolako erregional eta jubenilen taldeko zenbait jokalari ere arituko dira lehen taldean, beti bezala.
Aipatutako lau gazteak Beasain Kirol Elkartetik datoz. Bata atezaina da, Beñat Agirre, eta beste hirurak aurrelariak: Beñat Peralto, Ander Azurmendi Atxur eta Alberto Medina.