Asteburu honetan, futboleko Ohorezko Mailako lehiaketa martxan jarri da berriz, zenbait hilabeteko geldialdiaren ostean. Urolak Bergararen aurka jokatu du Argixaon eta partida hutsean amaitu da.
Ohorezko Erregional Mailak urrian ekin zion 2020-2021 denboraldiari. Alabaina, lehen jardunaldia jokatu orduko, lehiaketa eten beharrean izan ziren, Covid-19aren pandemiak behartuta. Urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak kategoria hau semiprofesionala dela ebatzi ondoren, berriz ere abian jarri da, egoera berrira egokituta.
Igor eta Jon Caballerok zuzentzen duten taldeak Aretxabaleta izango du hurrengo arerio datorren asteburuan. Martxoak 7an Mutrikuren aurka jokatuko du eta 14an Eibarren aurka. Astebeteko atsedenaldiaren ostean, 18an Aloña Mendi hartuko du etxean. Apirilaren 18an Mondraren aurka lehiatuko da eta azkenik, 25ean, Elgoibar izango du aurrez aurre.
Bestalde, Zumarraga eta Urretxu eremu gorritik atera ostean, Urolako talde guztiak entrenatzen hasi dira berriro. Futbol eskolari dagokionez, ostegun honetan, otsailaren 25ean, ekingo dio denboraldiari.