GOIHERRIKO HITZA.- Urolaren lehen futbol taldea partida galtzen hasi zen, baina erabateko buelta eman zion markagailuari bigarren zatian, Mutrikuri bost eta bi irabaziz. Goleatzaileak honako hauek izan ziren: Aitor Esnal, Roberto Avila, Ioritz Zufiria eta Igor Caballero (taldeko pitxitxia) bi gol sartuz. Taldea murriztua zeukan Urolak larunbateko partidarako kopuru aldetik, eta aldaketarako aukera gutxi (bankiloan jubenil mailako jokalari bat bakarra zegoen). Baina Urolak lasai bukatu zuen norgehiagoka, eta oraindik ere sailkapeneko zenbakiei begiratuta Preferentera igotzeko aukera guztiak ez daude galduta. Laugarren postuan dago, bigarren postuan dagoen Roteta taldetik hiru puntutara. Baina, garai honetan dagoen taldeko jokalari egoera fisiko aldetik ikusita (lesioak direla eta), entrenamenduetan lesionatzeko beldurrez forzatu gabe aritzen gara. Bigarren itzulian ez ditu inoiz hemezortzi jokalari deialdian sartu. Datorren larunbatean Donostian jetsiera postuetan dabilen Martutene taldearen kontra jolastuko dugu; eta partida ez da izango erraza (Amaikak Bat liderrak 3-2 juxtu-juxtu irabazi bait zion).
Emakumezkoen eta jubenilen taldeek ez dute emaitza ona izan. Lehenak bana berdindu zuen Mondragonen aurka eta bigarrenak Euskaldunaren aurka bat eta zero galdu. Kadete mailako taldeak Zarautzen bina berdindu ondoren igotzeko aukerak zailagoak ditu orain.