Ostegun Santu egunez Argixaon jokatu zen Txugi Txapelketa futbol festa handi bilakatu zen. Bi urteko etenaldiaren ostean, Urola Kirol Elkarteak Iñaki Mendiluze Txugi-ren omenez antolatzen duen gaztetxoen torneoa indartsu itzuli zen, inoizko parte hartzerik handienarekin.
25. edizio honetan 16 talde lehiatu ziren, zortzi emakumezko eta zortzi gizonezko. Real Sociedad, Urola, Dux Logroño, Oñatiko Aloña Mendi, Athletic Club, Alaves, Martutene eta Goierri Gorri emakumezko txapelketan; Real Sociedad, Urola, Aloña Mendi, Tafallako Peña Sport, Eibar, Alaves, Aretxabaletako UDA eta Arrasate gizonezkoen torneoan.
Nesketan Athletic izan zen txapeldun eta Goierri Gorri txapeldunorde. Mutiletan, berriz, Alavesek irabazi zuen torneoa eta Reala geratu zen bigarren. Kopako finalean Martutene izan zen garaile nesketan eta Peña Sport mutiletan.
Emakumezkoen torneoan 2008 eta 2009 urteetan jaiotako neskak (infantilak) lehiatu ziren. Mutiletan, berriz, kimu mailakoak (alebinak).
Ohi denez, atsedenaldia Iñaki Mendiluzeren familiarekin batera, lore eskaintza egin zuen klubak haren omenezko monolitoaren aurrean.