Ander Badiola Uribesalgok 300. partida jokatu zuen lehen taldearekin joan den asteburuan. Hori dela eta, omenaldi txiki bat jaso zuen osteguneko entrenamenduan. Ekitaldian, Matias Sanchez, Iñaki Ibarzabal eta Iñaki Aranzadi egon ziren, Urolaren historian marka hori ondu duten beste hiru jokalariak. Badiolak oroigarri bat jaso zuen zuzendaritzaren eskutik taldekideen txalo zaparra artean.
31 urteko urretxuarra pozarren zegoen, Urolaren historian sartu delako eta halako gertaerek jokalari gazteagoentzat eredu izateko balio dutelako. Ander 11 urterekin hasi zen futbol eskolan eta kategoria guztietatik pasa ostean, 13. urtea du lehen taldearekin.
Urolaren 50 urteko historian, beste hiru jokalarik gainditu dute 300 partiden langa. Matias Sanchez 1971n hasi zen, klubaren sorrerarekin batera, eta 1985 arte jokatu zuen. 349 partida jokatu zituen guztira. Iñaki Ibarzabal 13 urterekin hasi zen, infantiletan, eta 31 urterekin utzi zuen futbola. 315 neurketa egin zituen lehen taldearekin. Biek ala biek Urolarekin lotura mantendu zuten, zuzendaritzako kide izan baitziren hainbat urtez, eta Ibarzabalek beteranoen taldean jarraitzen du.
Iñaki Aranzadiri dagokionez, bizitza osoa darama Urolan: 13 urte zituenetik 30 bete arte jokalari modura, sei urte entrenatzaile lanetan eta bosgarren urtea du zuzendaritzan. Bera da lehen taldearekin partida gehien jokatu dituen jokalaria: 374.
Eskerrik asko lauroi eta Zorionak bereziki Anderri.