ATEAN EZ GENUEN ASMATU

«Irabazteko moduan jokatu genuen, baina atean ez genuen asmatu, eta gola sartzen badizute, hori garesti ordaintzen da. Hori ari zaigu gertatzen», dio Juanan Cruz Urolako entrenatzaileak. Zumarraga eta Urretxukoek igandean galdu egin zuten (1-0) Ordiziaren kontra. Partida galtzeak lidergoa ez izatea ekarri zien. Orain hirugarrenak dira.
«Ordiziakoa zelai handia da. Lehenengo hamar minutuetan, zelaian ondo kokatuta egon ginen eta neurria hartu genion partidari. Lehenengo zatian, nagusi izan ginen bai baloiaren jabetzan, bai joko-irizpideetan. Atsedenaldira berdinketa batekin joan ginen (0-0), baina itxura ona emanda».
Bigarren zatian,«berdin atera ginen. Taldea ondo kokatuta egon zen zelaian, baina ordu-laurden pasa eta inguru horretan, gola sartu ziguten (1-0). Hortik aurrera, gutxi jokatu zen futbolean. Kontu-hartze edo amonestazio asko izan ziren, partida geldi egon zen… Gure onetik atera gintuzten», azaldu du Cruzek. DV
«Hemendik kontu positiboren bat atera badaiteke, kontu hori da taldearen jarrera. Taldeak jarrera bikaina erakutsi zuen, eta ni oso pozik nago».
«Aurrera jarraitu behar dugu eta garaipen bat lortzen saiatu. Ea aste honetan Ilintxaren aurkako partidan lortzen dugun». Legazpiarrak asteburu honetan Argixaora etorriko dira. «Aspaldiko urteotan ez da halako derbirik jokatu Argixaon. Ea jendea animatzen den eta jende asko elkartzen garen Argixaon, eta joaneko partidan sortu zen giro on hura baino hobea lortzen dugun! Taldeak partida on bat behar du, eta, jakina, baita emaitza on bat ere», dio Juanan Cruzek.