Urola futbol taldeak ekin dio 2020-2021 denboraldiari. Bizi dugun egoera bereziagatik, itzulera mailaka egiten ari dira. Gizonezkoen Ohorezko taldea irailaren 4an hasi zen lanean eta irailaren 14an, berriz, Ohorezko Emakume, Jubenil eta Kadeteen taldeak. Aste bete beranduago, jubenil mailako gainerako taldeen eta kadeteen txanda izan zen. Kategoria hauen guztien lehiaketa laster jarriko da abian.
Urriarekin batera, gaztetxoenen lan-saioak hasi dira: urriaren 5eko astean infantilak eta urriaren 19tik aurrera kadeteak. Hauek oraingoz ez dira lehiatuko. Azkenik, azaroan, futbol eskola jarriko da martxan.
Entrenamenduak egiteko osasun agintariek ezarritako protokoloa jarraitu beharko dute entrenatzaile zein jokalariek: sukarra edo beste sintomaren bat izanez gero etxean geratu, sartzerakoan sukarra hartu eta eskuak gelarekin garbitu, eta sarrera-irteeretan musukoa erabili.
Horrez gainera, talde guztiek Urola Kirol Elkartearen eta Zumarragako Udalaren artean adostutako arauak errespetatu beharko dituzte: Argixaoko atea itxita egongo da eta entrenamendu orduetan zabalduko da soilik, horregatik jokalariak ordurako iritsi beharko dira. Sarrera-irteerak egiteko talde bakoitzak dagokion atea erabili beharko du eta bere materiala uzteko gune propioa izango du, gainerako taldeekin ez nahasteko. Jokalari bakoitzak bere ur boteila eta petoa eramango du, eta komunean ezingo dira aldi berean bi pertsona baino gehiago sartu. Momentuz aldagelak ezingo direnez erabili, jokalariak aldatuta joango dira futbol zelaira, eta gurasoek debekatua izango dute kirol eremuan sartzea.