Elkartasun eta omenaldi asteburua Argixaon

Azaroaren 27 eta 28ko asteburua berezia izan da Urola Kirol Elkartearentzat. Alde batetik, aurtengo apirilean hil den Luis de Arriba bazkidea omendu dute. Bestetik, larunbatean (goiz eta arratsaldez) eta igande goizean saldutako zozketako txartelen dirua gaixotasun arraroen ikerketara bideratu dute, Endika Altzelai zumarragarraren erronkarekin bat eginez. Eguraldi makurra izan arren, Argixaora hurbildutako guztien elkartasunari esker, 525€ bildu dira. Eskerrik asko txartelak erosi dituzten guztiei eta baita ATA harategiari, asteburuko hiru zozketetarako oparitutako produktu sorta ederragatik.

Endika Altzelairen erronka

Endikaren alabak, sei urteko Erinek, Ehlers-Danlos baskularra du, bere sistema baskularreko kolagenoari eragiten dion gaitz arraro bat. Momentu honetan bost medikuk artatzen dute, baina zazpi medikuk ikustera ere heldu da, bere ohiko pediatraz gain. Hiru froga genetiko egin behar izan zizkioten zein gaitz zuen jakiteko; duela bi urte eman zieten diagnostikoa.

Erinen gaitzak, beste gaixotasun arraro gehienek bezala, ez du sendabiderik, ezta tratamendurik ere. Horregatik, gaitz hauen inguruan ikertzea garrantzitsua da familientzat, gaixo hauen eguneroko beharrei erantzun ahal izateko.

Hala, Endikak Donostiako Maratoian parte hartzearekin batera, maratoi solidarioa jarri zuen martxan, gaixotasun arraroen ikerketarako dirua lortzeko. Ekimena “Muévete por los que no pueden” elkartearen bitartez gauzatu du Endikak; gaitz arraroei ikusgaitasuna ematen lan egiten du elkarteak, ikerketarako bekak sortuz.

Luis de Arribari omenaldia

Larunbat arratsaldean, Ohorezko Mailako Urola vs Arrasate partidaren atsedenaldian, omenaldia egin zitzaion 26 urtez klubeko delegatu izan zen Luis de Arribari. Bere alargunak, alabak eta bilobak klubaren esker ona jaso zuten. Gainera, urte horietan guztiekin Luisekin batera aritutako jokalari, entrenatzaile, delegatu eta zuzendaritzako kide asko hurbildu ziren familiari babesa ematera.

Luis de Arriba Salamancakoa zen jaiotzez eta 21 urterekin etorri zen Zumarragara bizitzera. Handik urte gutxira, 1987an, sartu zen Urolako zuzendaritzan eta hasi zen delegatu lanetan. Pasio handiz bizi izan zuen futbola eta Urolaren alde egindako lana, 2013an gaixotu zen arte. Emazteak eta alabak gertutik jarraitu zuten bere ibilbidea, partida guztietara laguntzen baitzioten. Horregatik, biziki eskertu dute Urolak egindako omenaldia.

Babesle nagusiak