Leandro Alejandro klubeko ohorezko bazkide izendatu dute

Leandro Alejandrori omenaldi hunkigarria egin zion joan den maiatzaren 18an Urola Kirol Elkarteak, hiru hamarkada baino gehiagotan klubaren alde egindako lanagatik.

Duela 76 urte Valladolideko Villalón de Campos herrian jaio zen Leandro. 14 zituela iritsi zen Euskal Herrira: Urretxuko San Martin auzoan bizi izan zen lehendabizi, eta 20 urterekin, Zumarragako Leturiatarren auzora igo zen, bertan etxeak egin zituztenean. Irimo enpresan egin zuen lan. 

80ko hamarkada amaieran eta 90eko hasieran hasi zen Urolan laguntzen. Zuzendaritzako kide izan zen hainbat urtetan, tartean, Urolak Hirugarren Mailan jokatu zuenean. Taldeeko delegatua izan da, kantinan lanean aritu da eta azken urteotan, zozketa txartelak saltzen ikusi ohi dugu astebururo Argixaon, baita Santa Lutzi egunean ere, Soraluze kalean, Gabonetako loteria eta saskien txartelak saltzen.

Hiru seme ditu Leandrok eta bi gazteenek, Javik eta Albertok, Urolan jokatu zuten. Alberto, gainera, Realean ere aritu zen. Bost bilobaren aitona da, eta horietako bat, Markel, Urolako 1. Mailako Erregional taldeko kide da. Ormaiztegin bizi den beste biloba batek, berriz, Seguran jokatzen du. 

Pertsona maitatua da Leandro Argixaon, etxe ondoan egonik, ia egunero joaten baita bertara, eta edozertan laguntzeko prest izaten da beti.