Urola Kirol Elkartea eta SALTO Training, elkarlanean

Urolaren gizonezkoen talde nagusiak SALTO Trainingekin egin du aurtengo denboraldiko prestakuntza fisikoa.

Ikaste prozesu orok bezala, lehenengo helburua indar entrenamenduaren oinarriak, ariketen zergatiak eta exekuzio teknika egokiak ikastea izan da. Horretarako, hasierako balorazio baten ondoren, denboraldiaurrearen garaia (uztaila eta abuztua) baliatu zuten oinarrizko mugimenduak indartu eta denboraldian zehar garrantzi gutxiago emango zaien alde fisikoak lantzeko. Indarreko lanaren metodologiaren inguruan, mugimendu isometrikoak zein tempo bidezkoak eta indar maximoko kargak landu zituzten. 

     

Denboraldi hasierarekin batera jarri zuten abian bigarren zikloa, ariketa unilateralak ardatz hartuta. Lehenik eta behin, exekuzio teknikan jarri zuten arreta; ondoren, pixkanaka, ariketa horiei kargak egokitu zizkieten. Bigarren helburua izan zen entrenamendu pliometrikoa (dezelerazioak, salto mota ezberdinak, lasterketa teknika…) lantzea, denboraldiak aurrera egin ahala mugimendu horien exekuzio abiadura bizkortzeko. Amaitzeko, azken zikloari begira programatutako mugimendu olinpikoen eta potentzia lanaren exekuzio teknikak ikasi eta barneratu zituzten. 

Hirugarren zikloa gabonen aurretiko asteetan hasi zuten. Denboraldi bete-betean, mugimendu esplosiboak (mugimendu olinpikoak eta potentziako ariketak) eta abiadura handikoak lantzeari ekin zioten. Ondoren, gabonetako geldiunea aprobetxatuz, kargak gehitzeko unea topatu zuten. Lehiaketak hastearekin batera, berriz ere kargak jaitsi eta potentzia eta abiadura entrenamenduak bilatu zituzten. 

Lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi diegu SALTO Training-eko lagunei gure kirolariek izan duten zelaitik kanpoko lanaren progresioaren parte izateagatik. Prestakuntza fisikoak ezinbesteko garrantzia du kirolariengan, eta hori aurrera eramateko programazio egokia eskaini digute.  

           

 

 

Babesleak