IDOIA LUZURIAGA-GOIHERRIKO HITZA.-Iñaki Mendiluze Etxeberria Txugi zenaren omenezko XIII. Futbol-8 Txapelketa Aste Santua hastearekin batera jokatuko da, ohi bezala. Aurten Aste Santuko oporrak egun bat aurreratu direnez, txapelketa ere astezkenarekin izango da. Ekitaldian Urolako jokalari izandako Mendiluze gogoan hartu, eta bera eta familiarentzat omenaldia egitea da helburua.
Zortzi talde: Txapelketak ohiko eskema jarraituko du. Zortzi jokalariko zortzi taldek hartuko dute parte, alebin kategoriakoak, eta bi taldetan banatuko dira. «Probintzian punta-puntan» ari diren taldeak izango dira: Real Sociedad, Eibar, Zarautz, Aloña Mendi, Tolosa eta Urola. Gipuzkoatik kanpokoak ere izango dira, Osasuna eta Alaves.
Goizetik eguerdira: Jardunaldia goizeko 09:20an hasiko da Argixao zelaian, Txugiren omenezko oroitarrian lore eskaintza eginez. Partidak 09:30ean hasiko dira, launa talderen arteko bi ligaxka jokatuko dira, ondoren finalaurrekoak eta bukatzeko txapeldunetik eta bosgarrenetik zortzigarrenerako postuak banatzeko partidak jokatuko dira. Final handia 13:30erako dago iragarrita. Ondoren sari banaketa izango da. Irabazi edo ez, parte-hartzaile guztiek jasoko dute domina eta elastikoa, mokadutxoaz gain.
Urola Kirol Elkarteak antolatutako txapelketaren aurkezpen ofiziala Zelai Arizti kultur etxean egingo dute ostiralean 19:30ean eta bertara interesa duten guztiak gonbidatu dituzte.
Zehaztasun gehiago nahi izanez gero urolako web orrian “torneos – torneo txugi” ikusteko aukera izango duzue.