Urolak Urretxu-Zumarragako ‘Sanse’ko jokalari ohientzako omenaldian ere parte hartu zuen.

Joan den urtarrilaren hemezortzian, ostirala, Sanse futbol taldearen urteurrena dela eta Musti Lagunarteak omenaldia egin die han ibilitako herritarrei.

Mahaiaren inguruan hitz eta pitz hasi zen ostiralean Musti Lagunarteak Sanseren sorreraren 50. urteurrena ospatu eta taldean jokatutako zumarragar-urretxuarrei omenaldia egiteko eguna. Jon Balentziaga kazetariak gidatutako solasaldian jokalariez gain Migel Etxarri Realeko kirol zuzendari ohia ere izan zen. Zelai Ariztiko ekitaldira jende ugari joan zen. “Futbola lehen eta orain” gaiaren inguruan partaideen ekarpenekin osatu zen ekitaldia.

Lehenago, mahai-inguruan parte hartu eta omenaldia jaso zutenak, Arkupe tabernan elkartu ziren, Heras jokalari ohiaren tabernan, hain zuzen, handik denak batera Zelai Ariztira joateko.

Ondoren afaria eta omenaldia izan ziren, guztiz bete zen Balentina jatetxean. Juan Carlos Abasolo, Anton Iturbe, Jesus Mari Biain, Raimundo Diaz, Esteban Txintxurreta, Angel M. Manuel, Alberto Alejandro, Mikel Balentziaga, Xabier Jorge, Musti Mujika zena eta Luis Heras ziren omenduak. Azken horren arabera «ekitaldi polita eta hunkigarria» izan zen; «oso gustura egon ginen». Hortaz, antolatzaileak, omenaldia jaso zutenak eta afarira joandakoak pozik agertu ziren ekitaldiaren ostean. Afarira joandako guztiek ekitaldiaren oroigarria eraman zuten.

Zenbait herritarrez gain, Realeko lagunarteetako kideak, udal ordezkariak, kirol elkarteetako kideak, Urola KE futbol taldeko zuzendaritza taldikideak ere egon ziren oroigarri batzuk banatzeko (omenaldia jaso zuten jokalari horiek ere Urola taldeko jokalari eta entrenatzaileak izan ziren). Federazioko ordezkariak eta Realeko gaur egungo presidente Iñaki Badiola izan ziren, Badiola afalondoan iritsi bazen ere. Era berean, jokalari batzuen senitartekoak ere izan ziren, tartean omenaldian guztiek oso gogoan izan zuten Musti Mujikarenak.

Babesle nagusiak