Urolaren 50. urteurreneko aurkezpen ekitaldia

Urola Kirol Elkarteak bere sorreraren 50. urteurrena ospatuko du 2021-2022 denboraldian zehar. 1971ko maiatzaren 14an sortu zen La Salle ikastetxeko aretoan. Ostiralean, urteurrenaren egunarekin bat eginez, aurkezpen ekitaldia egin zuen Antioko Interpretazio Zentroan.

Bertan, Valentin Barrena lehendakari ohi eta batzorde antolatzaileko kideak, Vicente Quevedo batzorde sortzaileko kide eta lehendakari ohiak, Jotxin Iturbe lehendakariak, Amaia Aranburu lehendakariordeak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten.

Gonbidatuen artean, berriz, Urola futbol taldearen ordezkaritza apala bildu zen, urte hauetan guztietan boluntario gisa lanean aritu diren entrenatzaile, jokalari, zuzendaritzako kide eta delegatu guztien izenean.

Urola taldea nola sortu zen gogoratzearekin batera, urteurrenaren inguruan orain arte egindako lanak gogoratu eta hemendik aurrerakoak aurkeztu ziren. Halaber, urte hauetan guztietan babesle eta zaletuek emandako laguntza eskertu zuten. 

Urteurreneko ekintzak hiru multzo handitan banatu dira. Lehenik eta behin, aurtengo irailean urteroko lore eskaintza egingo zaio Antioko amari eta Zumarraga Urretxu Txapelketa jokatuko da Argixaon. Egun horretan urteurrenerako egin den ekipazioa eta merchandising-a aurkeztuko dira.

Bigarren hitzordua 2022ko lehen lauhilekoan izango dugu. Hainbat hitzaldi antolatuko dira, bakarrizketa saio eta antzerki-ikuskizun bana, eta Txugi Txapelketa. Iñaki Mendiluzeren omenez Aste Santuan egiten den torneoaren 25. edizioa berezia izango da.

Azken ekintza multzoa 2022ko ekainean izango da: emakumezkoen futbol partida eta bazkari herrikoia; argazki erakusketa; umeen eguna; Urolaren historia biltzen duen liburuaren eta dokumentalaren aurkezpena, eta Real Sociedad-Eibar futbol partida (Argixao inauguratu zenean bezala).