Asier Martin Paniagua Urolako jokalariak omenaldia jaso zuen osteguneko entrenamendua hasi aurretik, lehen taldearekin 300 partida jokatu dituelako. Martxoan Ander Badiola taldekideak bezala, Asier Martinek ere oroigarri bat jaso zuen zuzendaritzaren eskutik. Biek ala biek Urolaren historian sartzea lortu dute, aurrez Matias Sanchezek, Iñaki Ibarzabalek eta Iñaki Aranzadik bezala.
Koronabirusa dela-eta aurtengo denboraldia ezberdina izaten ari den arren, halako omenaldiek poza eta lanean jarraitzeko indarra ematen dutela adierazi zuen Asier Martinek. Atzetik datozen gazteentzat eredu izatea nahiko luke, futbolean jokatzen jarraitu eta marka hau gainditu dezaten.
Martin 10-11 urterekin hasi zen Urolan eta 16rekin debutatu zuen lehen taldearekin. Lehenengo partida hura betirako izango du gogoan, Oscar anaiarekin kointziditu zuelako eta bere pase bati esker gola sartu zuelako.
Asier Martinek 31 urte ditu, Ander Badiola eta Markel Oruesagasti taldekideek bezala. Urolako lehen taldeko kide beteranoenak dira. Elkarrekin egin dute ibilbide osoa eta lagun handiak dira.