Hemen da Urolako futbol jokalarien kromo bilduma

Urola Kirol Elkarteak kromo bilduma kaleratu du. Bertan, gaur egun klubak dituen talde guztietako jokalariak eta teknikariak ageri dira, baita zuzendaritzako kideak ere; 538 lagun guztira. 2023-2024 denboraldian federatutako 21 talde ditu Urolak, kimu mailan hasi eta senior kategoriara arte. Horiei batzen zaizkie futbol eskolako lau taldeak. Inoizko egiturarik handiena du Zumarraga eta Urretxuko klubak.

Jokalari bakoitzari albuma oparituko zaio, haiek gero bilduma osoa egin dezaten. Kromoak hiru lekutan salduko dira: Golodisx-Gossosx (Urretxuko Gernikako Arbola 1) eta Goxogi (Zumarragako Filipinar Uharteak 5) dendetan, eta Argixaoko kantinan. Zorro bakoitzak bederatzi kromo ditu eta 1,20€ balio ditu, baina eskaintza berezia egongo da: 25 euroren truke 23 zorro erosteko aukera. 

Cromogal enpresaren eskaintza jaso ostean, Urolako zuzendaritzak erabaki zuen promosamena onartzea. Izan ere, aurtengo uztailean amaituko duen agintaldiari amaiera emateko modu polita iruditu zitzaien. Gainera, gaztetxoei ilusio berezia egiten die eurak albumeko protagonista izatea, eta duela 10 urte Urolak atera zuen albuma arrakastatsua izan zen.

Urolako zuzendaritzak eskerrak eman nahi dizkie Golodisx-Gossosx eta Goxogi goxoki dendei haien eskuzabaltasunagatik, kromoak ezeren truke salduko baitituzte. 

          

 

       

Babesleak