XXVII. Txugi Txapelketa, martxoaren 28an

Datorren martxoaren 28an (Ostegun Santu egunez) Txugi Txapelketa jokatuko da Argixaon. Urola Kirol Elkarteak Iñaki Mendiluce Txugi-ren omenez antolatzen duen gaztetxoen torneoak inoizko parte hartzerik handiena izango du: 18 talde. Horietako 8 neskenak izango dira eta 10 mutilenak. 288 jokalari guztira. 

Emakumezkoen torneoan 2010 eta 2011 urteetan jaiotako neskak (haur maila) lehiatuko dira: batetik, D multzoan, Reala, Ilintxa, Dux Logroño eta Urola; bestetik, E multzoan, Osasuna, Lakua, Goierri Gorri eta Aloña Mendi taldeek neurtuko dituzte indarrak.  

Gizonezkoen txapelketako parte hartzaileak kimu mailakoak izango dira, hots, 2012an jaiotakoak: batetik, A multzoan, Osasuna, Arnedo, Ilintxa, Mondragon eta Urola izango ditugu; bestetik, B multzoan, Reala, Eibar, Aloña Mendi, UDA eta Martutene izango dira nor baino nor gehiago.

Txapelketaren lehen fasea 09:00etan hasiko dute mutilek eta 10:00etan neskek. 12:55ean Iñaki Mendiluceri omenaldia egingo dio klubak, haren familiarekin batera. 13:10ean abiatuko da bigarren fasea; 13:40ean izango dira Kopako finalak eta 14:10ean Txapeldunen Ligako finalak. Sari banaketa 14:40erako dago aurreikusita.

Partidak beheko eta goiko zelaian (Argixao eta Luis Urdangarin) jokatuko dira eta guztiek 20 minutuko iraupena izango dute. 

Nesken txapelketan, lehen fasean hiru neurketa jokatuko ditu talde bakoitzak. Multzo bakoitzeko hirugarren eta laugarren sailkatuek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak eta bi onenak Kopa finalean lehiatuko dira. Multzo bakoitzeko lehen eta bigarren sailkatuek Txapeldunen Ligako finalerdiak jokatuko dituzte eta bi onenek finala.

Mutilen kasuan, 10 talde izanik, talde bakoitzak lau partida jokatuko ditu. Sailkapenean hirugarren postua lortu duten bi taldeak Kopa finalean izango dira nor baino nor gehiago. Bestalde, multzo bakoitzean lehenengo eta bigarren sailkatu direnek Txapeldunen finalerdiak jokatuko dituzte eta bi onenek final handia.